Inprimatu Inprimatu   
2008/04/17
Jendeak askotan esan ohi digu gurea ez dela lana. Lanak esfortzuarekin eta sakrifizioarekin duen islada ez duela gureak betetzen. Sarritan entzuten ditut “beti parrez ari zarete eta!” edo “frontoira joan, sekulako partidua ikusi, eta kobratu”, eta frontoia jartzen duen horretan futbol zelaia, kotxe lasterketa edo beste edozein kirol mota jarri dezakezue. Jendeari ez zaiola iruditzen gurea lan sofritua denik, alegia.

Pasa den larunbatean hori esaten dutenei arrazoia emateko moduko arratsaldea pasa nuen Orion. Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren azken etapan. Horrelakoetan, ondo pasatzeko lehen aldagaia eguraldia izaten da, eta eguzkia lanerako zegoenez, gu pozik. Ederki ibili nintzen helmuga, irteera, eta ziklisten beroketa gune inguru haietan. Polita da kirola gustoko duenarentzat dena hain hurbil izatea eta dena ikusi ahal izatea. Txirrindulariak erlojuaren aurkako lanari ekin aurretik egiten duten prestakuntza, nola lantzen duten gorputza eta burua errepidean dena emateko. Gehienak musika entzunez gaur egun. Askotan pentsatzen dut ziklista bat lan horretan dagoenean: zer ari ote da entzuten?


Gure ogibidearen alor honetan gustoko dut txirrindulari lasterketen helmugako lana. Txirrindulariak iritsi ahala beraien iritzia jasotzea, kazetarien arteko “lehia” ere izaten dugu horrelakoetan, nork aurrena harrapatuko, itsutu egiten gara batzutan, une horretan munduko garrantzitsuena protagonista haren hitzak jasotzea beste ezer ez dugu nahi izaten.

Hala ere, saiatzen naiz ziklistari arnasari buelta eman diezaion beta ematen, ikustekoa izaten baita nola helmugaratzen diren. Jarri dudan izenburuari eutsiz, larunbatean gertaturikoa kontatuko dizuet: Igor Anton helmugaratu zenean haren atzetik abiatu nintzen. Metro batzuk aurrera joan zitzaigun, eta gure tramankulu guztiekin (sinetsidazue asko pisatzen dutela) han abiatu nintzen. Bere parera iritsi nintzenean leher eginda zegoen mutila, ahotik pitza zeriola nekearen-nekeaz. Ea bi galdera erantzungo zizkidan esan eta baietza eman zidanean, lasai egoteko esan nion, itxarongo genuela segundu batzuz. Iruditu zitzaidanean arnasari buelta eman ziola, Joxe Mari Apaolaza lankideari hitza eskatu eta egin nion Euskaltelekoari lehen galdera. Nire ustea ordea okerra izan zen, eta egindako esfortzu guztiaren ondoren, oraindik ez zegoen mutila erabat berreskuratuta, eta estualditxoa pasarazi nion erantzun beharrean izan baitzen. Pentsatuko zuen hark bere artean “atsedena hartzeko denbora emango didala esan eta orain galdera egin”. Ba horixe, ez zela intentzio txarrez egindakoa izan, eta barkatzeko Igor, ez zela nire asmoa zu estutzea!!!



Erantzunak:
Ez dago erantzunik mezu honetan.
Iruzkin bat egin
Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.


authimage Zenbaki hauek idatzi, gizaki bat eta ez zerbitzua erabili nahi duen programa informatiko bat zarela egiaztatzeko.

Aukerak:
 
Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Blog honi buruz
"Hiru Erregeen Mahaia"ko bi morroiok goizeko ordu txikietan ezagutu genuen elkar. Bion artekoa bapatekoa izan zen, kirolak eta uhinek uztarri berean lotu gintuzten. Kolore ezberdineko bihotzak izan arren errege berdinen zerbitzari gara, kirola eta entzulearena.
Azken erantzunak
Gustatzen zait, ez zait gustatzen - maria - 2008-06-16 18:15:32
Asteburu polita datorkigu oso!! - Xabiertxo - 2008-06-07 12:21:28
Gustatzen zait, ez zait gustatzen - Xabiertxo - 2008-05-13 20:15:57
Iņaki Alberdi Ņaņarri rallysprintean - eneka iturraspe - 2008-05-07 10:16:04
Gustatzen zait, ez zait gustatzen - katagorri - 2008-05-07 10:13:30
Atalak
Bilaketa
Iruzkin gehien jaso dituztenak
Hau da masailekoa! (6)
Euskal kirolariak sarean! (4)
Eta orain Rasmussen!!! (3)
Liga hastear (3)
Surfari buruz (3)
Arrauna dirudi!!! (3)
Zorionak Patxi!!! (3)
Hastera goaz! (2)
Kontu serioekin, jolas gutxi (2)
Mil colorao!!! (2)
EiTBren beste blog batzuk
Esteka Interesgarriak
Blog hau sindikatu