Inprimatu Inprimatu    Castellano   
2007/06/22

¿Zer eguraldi egingo du udan? eitb24.com-ek Pello Zabala eguraldi gizonari eta Adolfo Morais Euskalmeteko zuzendariari galdetu die. Ñabardurekin, baina biek bat egin dute: ez dute beroaldirik espero.

Uda ate joka dugu eta askok sasoi berrirako planak eginda izango dituzte jada. Halakoetan eguraldia erabakigarria izaten da maiz. Hain justu, irakurleak eguraldi kontuetan "jantzi" nahian, bi adituri galdetu die eitb24.com-ek: Pello Zabala frantziskotarrari (tenporak edo kuarta tenporak delakoetan aditua) eta Adolfo Morais Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziako zuzendaria. 

Ñabardura dezenterekin baina biek ala biek baieztapen bat egin dute: printzipioz, ez da bero-boladarik espero. 

Uztaila bukaera arte eguraldi nahasia, tenporen arabera


Pello Zabalak bi zatitan banatu du uda, betiere eguraldiari dagokionez. Lehenengo parte batean (Santiago egunera arte, uztaila 25), giro nahasia izango da nagusi "haize aldaketekin eta prezipitazioekin". Hortik aurrera, "sanotzen" joango da eguraldia, "hego-mendebaldeko ukitua izango du haizeak eta sosegatzen joango da giroa", azpimarratu du.
Tenporak darabiltza Arantzazuko frantziskotarrak eguraldiaren iragarpena egiteko. Herri-kulturan tradizio handiko metodoa da tenporena, urteko egun jakin batzuk aintzat hartuta, hurrengo urtaroko eguraldiaren gutxi gorabeherako bat iragartzeko balio du.

Ekainaren 11tik 17ra doan astea hartu du kontuan Zabalak udako giroa aurreikusteko. Azaldu digunez, iraganean hiru egun baino ez zituen kontuan hartzen baina tradizioari erreparatuta bestela egitea erabaki du: "Zuberoan eta Bizkaian, Euskal Herriko bi izkinetan, beraz, astebetez mintzo dira eta ohitura hala bada kasu egin beharko…". Hala, honako argazkia atera digu: "aurreneko egunak tristeak izan ziren, iparrak jo zuen eta hodeitsu izan zen. Astearterako salbazioa etorri zitzaigun eta asteazkenean, eguraldi ona. Sanotzeko bidea hartu zuen eguraldiak". Joera bera izango du, horrenbestez, udako eguraldiak.


Dena dela, ilargiaren fasea non, eguraldia "bestelakoa" han, iragarri du eguraldi gizonak.

Euskalmet: Bero eta euri gutxiagorekin


Adolfo Morais Euskalmeteko zuzendariak ohartarazi digunez, Euskal Meteorologia Agentziak ez ditu epe luzerako iragarpenak egiten, aurreko urteko estatistikak begiratuta tendentzia ezar lezake, baina tendentzia baino ez da. Izan ere, lau egunetarako iragarpen zehatza egiten dute Euskalmeten, luzerago jo gabe. >

Hori horrela, zuhur mintzatu zaigu Morais. Beroa eta lehorragoa izango da uda, horixe baita lege. Nabarmendu duenez, baina, udan beroa egiteak "ez du esan nahi beroaldirik izango dugunik". Azaldu duenez, "bero-bolada ezohiko fenomenoa da eta hainbat faktorek egin behar dute bat. Nolanahi ere, ezin esan %100ean halakorik izango ez dugunik". Hori horrela, lasaitasun mezua helarazi nahi izan die herritarrei. 

Estatistikak kontuan hartuta eszenatoki klimatikoak (epe luzera begirakoak) iragartzeko gailuak izango ditu Euskalmetek 2-3 urte barru. Orain, Metoffice agentzia espainiarrak eta Noaa estatubatuarrak egindako txostenak ditu kontuan. Moraisen hitzetan, biek ala biek udarako egin dituzten iragarpenak, baina, ez datoz bat. Espainiarraren arabera, beroa egingo du (probabilitate txikia dago iragarpen horri eusteko). Noaa agentzia estatubatuarraren esanetan, ordea, fresko egingo du eta euria botako du gogotik.


Orain artekoa, adituek esandakoa. Errealitatea, baina, bestelakoa izan daiteke.

 

 

 




Erantzunak:
Ez dago erantzunik mezu honetan.
Iruzkin bat egin
Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.


authimage Zenbaki hauek idatzi, gizaki bat eta ez zerbitzua erabili nahi duen programa informatiko bat zarela egiaztatzeko.

Aukerak:
 
Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Blog honi buruz
Asteburuko eguraldia edo hurrengo egunetarako joera zein den jakin nahi? Hemen aurkituko dituzu iragarpenaren inguruko albisteak.
Azken erantzunak
Beste asteburu euritsu bat - Elder - 2008-06-08 12:56:11
Eguzkia lagun izango dugu maiatzeko zubian - iraia - 2008-05-01 11:20:53
Neguko eguraldia datozen egunetarako - --- - 2008-01-29 13:15:29
Asteburu eguzkitsua geurean - Mikel Goņi - 2008-01-20 17:24:54
120 km/h haize-boladak egon daitezkeela eta, alerta ezarri dute - jon - 2008-01-14 17:34:06
Atalak
Bilaketa
Iruzkin gehien jaso dituztenak
120 km/h haize-boladak egon daitezkeela eta, alerta ezarri dute (1)
Neguko eguraldia datozen egunetarako (1)
Asteburu eguzkitsua geurean (1)
Eguzkia lagun izango dugu maiatzeko zubian (1)
Beste asteburu euritsu bat (1)
Artxiboak
EiTBren beste blog batzuk
Esteka Interesgarriak
Blog hau sindikatu